XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zaindu zaitez!

Azken denboraldi honetan sarri samar entzun izan dut agur hau, zaindu zaitez!.

Esanahi berezirik gabe batzuetan, zerbait esateagatik edo.

Bestetan, ordea lagun on bati zuzendutako agur sentitu bat bezala; ez duzu aldegin nahi eta zerbait gehiago esan nahiko zenioke, maite duzula edo auskalo zer... baina esalditxo hori ateratzen zaizu azkenean, gauza pila bat hortxe sartu nahiean, sorte onena opa diozula, udaberria itzuliko dela, gauza txikiei heltzeko eta une ederrak azkenekoak balira bezala disfrutatzeko.

Txorakeriak beharbada, baina zerbait gehiago eman nahiko zenukela, hori da kontua.

Besarkadarekin batera, esalditxoa aidean gelditzen da azkeneko begirada gurutzatu eta gerora ere.

Orduan, zaindu zaitez! hori agurrean sartzen denean, une horrek ikuttu berezi bat izan duelaren irudipena duzu eta gau erdian etxera kotxez itzultzen zarenean, Guardabarrancoren musikaren gainetik etengabe datorkizu gogora agurraren momentua.

Eta hurrengoan, esan gabe gelditu den kontu hori eta sentimendu hura zabalduko diozula pentsatuz etxeratzen zara, lagun on bati ere, noizbehinka, kalterik egingo ez diolakoan antzeko deklarazio batek.

Ordurarte, muxu bat.

Urrun gelditu diren lagunentzat, ordea, irtenbidea ez da hain erraza, jakinekoa bait da postaz bidalitako muxuak mamuek jaten dituztela bidean.

Agurra gogorragoa da orduan, eta ez dakizu noiz eta non ikusiko dituzun berriro.

Zaindu zaitez!, kasu hoietan, ondo pentsatutako adioa da, aurrera egitera animatuz baina kontu pizka bat izateko eskatuz era berean, preokupazio punttu hori disimulatu ezinik azkenean... Nace en el centro de estos días, vida para andar el futuro en El Salvador.

Zaindu zaitezte!.